Bi aukera daude. Has zaitezke gertatzen ari den kontu bakoitza xehe aztertzen.Orduan jabetuko zara arazoen arrazoiak askotarikoak direla. Kontu bat dela Madrilen Díaz Ayuso presidenteak duen osasungintzari buruzko jarrera eta horrek sortzen dituen istiluak; beste bat dela Nafarroan Osasunbidearen eta sindikatuen artean sortu den xextra; bestelakoa dela DonostialdekoOspitaletako osasun langileen kexua; botiken urritasunaren aferak ere nonbait badituela sustraiak; artatua izateko txandan luzaroan itxaron beharra ere arazo larri bihurtu dela... Ez dira kontu bera, baina arlo berari eragiten diote. Sustrai bera dute arazo guztiek? Nola izendatuko genuke sustrai hori?
Bigarren aukera da, hainbesteko zurrunbilotik ateratzeko adina kemen sentitu ez, eta albisteek irents zaitzaten uztea. Ulertzen ere ez saiatzea. Dena hankaz gora dago. Honek ez du konponbiderik. Edo nik behintzat ez dut konponbidean eragiteko ahalmenik. Haizea hartzera dena! Badut osasungintzari buruzko nire ideia orokorra, eta talaia horretatik neurtuko ditut gertakizun denak.
Bi aukera, eta zalantza bat: Arratia aldean esaten da sano gaixorik? Oximoron ederragorik gainerako euskaldunon belarrietarako! Eta definizio pare-parekoa osasungintza publikoari dagokionez.

HITZ ETZANAK
Aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu