andoni egana
HITZ ETZANAK

Erroak

2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hamahiru-hamalau urte. Bere burua institutuko leihotik begira gogoratzen du. Ari zen matematika irakaslea ari, baina bere gogoak eta begiradak pareko etxeko balkoian loreak ureztatzen ziharduen emakumearengana egiten zioten ihes. Emakume hura izango zen bera, urte batzuk barru. Sustraiek gehiago tiratzen zioten erro karratuek baino. Hezi ere, horrelaxe hezi zuten etxean. Anaiek nota txarrak eramaten zituztenean, errieta egiten zieten gurasoek. Berari, ez. Total! Etxerako izango zen bera. Topatuko zuen senarra, izango zituzten haurrak, eta familiaren ongizateaz arduratuko zen bera.

Genero arrakala gehien nozitu duen belaunaldikoa da. Gauza jakin bat izateko hezi zituzten, eta bizimoduak oso bestelako zerbait izatera eraman ditu. Ezagutu dituzte antisorgailuak; ezagutu dute dibortzioa; ezagutu dute etxetik kanpo lan egitearen askatasuna... eta lotura. Berari, motxila astun bihurtu zaio heziketa murriztu hura. Bere lanak beti izan dira behin-behinekoak, prekarioak, gaizki ordainduak... Ia harrapatu du erretirorako adina eta ez daki bizitzeko adina emango dion pentsioak.

«Hasiera-hasieratik izan izan nahi duzuna» bota dio gaur, martxoaren 9a, lantegira bidean topatu duen lagun baten alabatxoari, hankapean bezperako festaren serpentinak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.