Oldarraldia batetik eta noraeza bestetik. Eta behe lainoa nagusi. Datorren ostegunean, euskarazko hezkuntzaren aldeko mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Leloa: Hezkuntza euskaraz izango da! Deia babestu dutenen artean, Gazte Euskaltzaleen Sarea, AEK, Euskalgintzaren Kontseilua, Jakin, Euskal Herrian Euskaraz, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara taldeak... ELA, LAB eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute.
Erabaki politiko aski epelak; erabaki horien gainetik jartzen diren epaileen jarduera; Uliazpiko kasua; ikasketa prozesua hasi eta buka euskaraz eta egoki ezin burutua; Euskal Herriaren lege egoera askotarikoa... Badira mila arrazoi protestarako, eta protestak arin diezaguke itolarria. Baina alarmaren argi gorriak piztuta segituko du. Ez dut ezagutu, neronengandik hasita, euskararen etorkizunarekiko hain garai esperantzagabeturik. Inertziak, hegemoniak, eskubideak, arnasguneak... aipatuko ditugu, baina zerbaitek ihes egiten digu honaino iritsi eta gero.
Umorea ukendu, hala dio nire adiskide batek azkenaldian, korapiloren bat askatu ezinik dabilenean: «Betor ahalik eta azkarren adimen artiziala, gurearekin ez diagu nahikoa eta!».

HITZ ETZANAK
Kinkan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu