HITZ ETZANAK
Patxada
Gure lagun bati, umetan, amak pokopaxientxi deitzen zion. Izango zen egoten asmatzen ez zuena, asentu txarrekoa, beti harat-honat eta presaka zebilen haur bat. Grazia egin izan dit izengoitiak... Egungo gizarte moduan, batek estutu eta besteak tira, gehienok bihurtu gara pokopaxientxi. Ez dakigu zain egoten. Odoltxartu egiten gara ilara batean gaudela gure aurrekoak ohikoa baino denbora gehiago pasatzen badu. «Okindegia ez da eguraldiaz hitz egiteko lekua» pentsatuko duzu, zain luzetsita. «Ez al zeukan zain egon den bitartean txanponak prestatzerik? Orain egin behar al du hori ere?» pipertuko zara esku baldar batek kartera miatzen duen bitartean.
Irakurri berri dut duela lau urte Jumbo supermerkatu kateak patxada-kutxa izenekoak estreinatu zituela Herbehereetan. Patxada-kutxa hauetan, bezeroak zerbitzariarekin nahi hainbat hitz egin dezake, atzetik datorrenak presarik sortuko ez dion ziurtasunez. Kontxo! Harritu egin nintzen. Egungo enpresen jokamoldearen kontrakoa dirudi. Denbora asko, gutxi fakturatzeko. Egitasmoa Osasun Ministerioaren ideia zen. Eta hasieratik izan zuen arrakasta. Egun, berrehundik gora patxada-kutxa jarriak omen ditu kateak. Bakardadeak zenbateraino erasan digun frogatzeko ez da adibide hoberik...
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.