andoni egana
HITZ ETZANAK

Aldaketa

2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haserrea: inoiz edo behin baino sarriagotan guztiok sentitu izan dugun sentimendu bitxi hori. Txarrantxa orkatila parean galtza barrenera bezala katigatzen zaizu barruan, eta oso zail da askatzen. Lagun txarra da edozertarako ere. Haserretik gaizki egiten dira lanik gehienak. Buruko minez zaudela, logurez, parranda osteko ajeaz, uste baino hobeto sor daiteke. Malenkonia eta tristura ere ez dira talaia galgarriak. Haserre bazaude, ordea, nekez egingo duzu lan txukunik. Bat-batean aritzen garenok badakigu ongi. Zeure buruaz, gai-jartzaileaz, lagunekin, publikoaren erantzun epelen batekin... haserretzen bazara, zureak egin du. Bruma artean pasatuko duzu hurrengo bolada luzea.

Haserrea aipatzen zuen atzoko elkarrizketan Fernando Oiartzunek. «Oso berdinen artekoa duk hitanoa. Konfiantzazko jendearekin, eguneroko lagunekin... zuketan egitea arrotza duk. Ni, esaterako, asko haserretzen naizenean, semeekin-eta, zuka hasten nauk. Kanbiatu egin behar duk erregistroa, konfiantza hori eteteko».

Haserreak beste ezerk baino gehiago eragiten dio hizkuntza moduari berari ere. Eta ez beti norabide berean. Aldaketan datza gakoa. Ezagutzen ditut guraso batzuk alabari zuka egiten diotenak. Haserretzean salbu. «Hik zer uste dun, hauek direla orduak?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.