BIRA
Deskantsua
Erreflexiorako eguna da gaurkoa, baina nik deskantsua igartzen dut, batez ere. Ez zait inor hurbildu goxokiak ematen, irratian ez dago inor bere aukera beste guztiena baino hobea dela esaten, sare-sozialetan ohiko eztabaidak daude (ez gehiago ez gutxiago), botoak noiz banatuko diren galdetzen duen jenderik ez da Whatsappeko taldeetan... Gaur nahi ditudan gauzak baino ez ditut izango buruan. Edo ez, baina behintzat, ez dizkidate nahi ez ditudanak mailukadaka sartuko. Azken aste bietan, proposamenak aztertzeaz gain, giza-jokabidearen makurraz pentsatu behar izan dut, adibidez.
Hauteskundeen kontra ez daukat ezer, eta kanpainak egitea ondo iruditzen zait, baina zenbat debate egon dira telebistan? Zenbat ekitaldi gure herrian, ondokoan eta ondokoaren ondokoan? Zenbat inkesta argitaratu dira? Zenbat aldiz sutu gaituzte zenbait alderdiren zenbait komentariok? Gaur deskantsua hartu dut. Litekeena da gaurko eguna gehien disfrutatzen dugunak izatea hasieratik botoa nori eman argi geneukanak. Edo litekeena da hasieratik botoa nori eman argi geneukanak izatea kanpainarekin gehien sufritu dugunak. Beraz, gaur ere ez dut Armani markako arroparik jantziko, baina nire eguneroko borroketan murgilduko naiz. Gehienak, astelehenetik aurrera ere, hortxe egongo direlako erabat konpondu gabe.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.