andoni egana
HITZ ETZANAK

Non

2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hala bota zidan behin ezagun batek: «Niri, xanpaina, plastikozko edalontzian gustatzen zaidak». Bekainak harrotuko nizkion. Azalpenak ematen hasi zitzaidan. Ez zituela jasaten berak «xanpaina» esan, eta «cava» zuzentzen ziotenak. Memeloenak ere bazekiela bien jatorriaz eta salneurriaz, baina batzuek esan arteko onik ez zutela izaten, gainetik jarri nahian. Eta bai, plastikozko basotik, beti. Hala edaten duenak lagun artean dagoelako edaten duela hala, eta festa inprobisatua delako, eta benetako zerbait ospatu nahi dutelako. «Cava» eta «xanpaina» bereizi, bigarrena hobetsi eta ezpainestuka kopatik edaten duen jende klasea ez duela irensten.

«Muturretik ere edango nikek», erantsi zion erretolikari. «Txirrindulariek-eta bezala. Baina horretarako irabazi egin behar duk zerbait. Eta ni ez nauk sekula podium batera igo...».

Atzo berripaper honek, lehen orrian, Osakidetzako garbitzaileen argazkia zekarren. Ehun eguneko grebaren ondoren, gainontzeko langileekin homologatu dituzte. Kuadrilla bat, —emakumezkoak gehien-gehienak— lorpena ospatzen ari zen. Pare bat botila euren eskuetan. Xanpaina, ez gara huskeriatan katigatuko. Eta segur aski, plastikozko edalontziak. Edo muturretik zuzenean, nire lagunak ez bezala, arrazoiak bazituzten eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.