Onintza Enbeita
BIRA

Konfiantza

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jendeak eskertu egiten du azalpenak ematea. Hamarkada bat pasatu da azokara joaten hasi nintzenetik, eta hasiera-hartatik igarri dut nola jendeak eskertu egiten duen gauzak azaltzea. Azalore baten zuria erabat zuria ez denean jendea urrundu egiten da postutik, baina hori zergatik gerta litekeen esaten diezu, eta berriro etortzen dira. Eta askotan erosi egiten dute, ustez polita ez den hori. Berdin tomateak orbainen bat duenean ere. Jendeak gauza itsusiak erosi egiten ditu, distiratsuak zergatik ez diren azaltzen duzunean. Buelta asko eman diot horri. Izan ere, galderak sinpleak diren arren, gure erantzunak beti ez dira zehatzak eta zientifikoak. Aitzitik, gehienetan aukera posibleak azaltzen ditugu, eta gure akatsak onartu.

Bizitzako garai honetan ni ezin naiz azokara joan, eta nire ordezkoari egiten dizkiote galderak. Babarrunaren prozesu osoan lagundu digu berak, eta gaur esan dit gauzak azaldu dizkion jendeak erosi egin diola babarruna. «Hori zergatik ote da?», galdetu dit. Ondorio batera iritsi gara: ekoitzi dituzun produktuen gaineko erantzunak badituzu, zeuk manejatu duzu produktua. Ez diozu beste norbaiti erosi gero zeuk saltzeko. Agian hori baino ez da jendeak eskertzen duena: konfiantza. Dena lauso den garaiotan ere, oinarrizko balioak hor daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.