Miren Amuriza.
BIRA

Ahuakateak

2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Hamaiketakoa barik snack-a jaten dutenetakoak gara gu (kafesnea eta pintxoaren ordez, arroz-talotxoak eta termoko infusioa); supermerkatuko produktu ekologikoen sailean topo egiten dutenak.

Lehengo batean non elkartu ginen, hantxe, zerealak granelean har daitezkeen txokoan, lagun bat eta biok: «ahuakateak?» bota zidan. Eta ni lotsatu hura nire karroa ikuskatzen ari zela jabetzean (tabernako komunetik zutitzear egon eta atea zabaldu izan balit bezala). «Bai» erantzun nion, «normalean herriko fruta-dendan erosten ditut baina...». Ezetz berak, ez ziostala horregatik: ez-dakit-zer mezu bidali ei zion ez-dakit-nork eta ahuakateak jateari uztea erabaki zuela. «Ez esan, ez esan, ez esan...» nik, belarriak eskuekin estalita. Ordea, berak (lagunari filmaren amaiera errebelatuko liokeen sofa-kide gupidagabeak lez), segi: Mexikok esportatzen zuela munduan kontsumitzen den ahuakateen gehiengoa; zenbait eskualdetan, deforestazioa eragiteaz gain, bizilagunen osasuna kaltetzen zutela plantazioetan erabilitako ongarriek; negozioaren atzean narkoak ez ote zeuden...

Ahuakateak itzultzekotan egon nintzen une batez. Baina, tira, arroz-talotxoek Gusanitos zaporea daukatela ere aspaldi deskubritu nuen eta berdin-berdin jaten ditut. Ditugu; guk, supermerkatuko produktu ekologikoen sailean topo egiten dugunok (eta ez plazan, eskualdeko nekazarienean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.