andoni egana
HITZ ETZANAK

Kontra

2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hitz bi elkartu, batak bestearen kontrakoa esan nahi duenean. Horretan datza oximorona. Gaztetan ikasi genuen adibideak ez zuen galbiderik: «Inteligentzia militarra». Inteligentzia bada, ez da militarra, eta militarra bada, ez da inteligentzia. «Pensamiento navarro» ere oximoronen zerrendan sartzen zuten asmo gaiztokoek. Euskararen aberastasuna bera ere oximoronak aurkitzeko bide da: «Seko bustita» ibiltzea, «zaharrak berri» izatea edo bizkaierazko «atea zabalik ixtea»...

Sormenerako lan-tresna ezin hobea da oximorona. Eta zirirako ere bai. Batek «Abascalen autokritika» sartuko du oximoronen zerrendan; beste batek «Realaren kasta»; «Zarauzko Kultur-etxe berria» beste batek... eta entzulea segituan ohartuko da zertaz ari diren.

Badator, ba omen dator, abiadura handiko trena. Gaintxurizketa inguruan lanak korapilatu zaizkie. Lehen bi tren pasatzen dira han eta orain hirugarrena dator, lehengo trenbideren bat baliatuko duena. Gune hartakoegokitze lanek egungo bidaiariak tren bat hartu eta gero bestera pasatzera behartu ditu joan den urtebetean. Orain Adifek egoera beste urtebetez luzatuko dela iragarri du. Baina bidaiari molestatuak lasaitze aldera, datorrena zer izango den bi hitzetan definitu du arranditsu: «Trenentzako autobidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.