andoni egana
HITZ ETZANAK

Gaia

2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Gaiari buruz ia tesina bat egiteko adina ezagutza biltzen genuela mahai hartan pentsatu nuen. Bergaran ginen duela hilabete pasatxo. Bertso jaialdiaren osteko tragoxka hartzera taberna izkinako mahai batera apartatu ginen lau bertsolari eta gai jartzailea. Hogeitaka urteko bi lagun, hogeita hamarrak atzean utzitako beste bi eta neu.Eta ez dakit gaia nondik nora irten zen...

Ordu erdi luzez aritu ginen. Aitortzen dut neu nintzela gutxien nekiena, baina nik ere ematen nuen daturen bat edo iritziren bat edo beste. Gainerakoak berriz, elkarri txanda modu egokian hartuz, oso benetan jardun zutela iruditu zitzaidan. Gainera, zortea izan genuen eta, bertsolarietan bi Lapurdin hazi eta heziak izanik, mugaz alde batekoaren eta bestekoaren konparazioa egin ahal izan genuen. Xehatzera heldu ginen Iparraldean zer daukaten Hegoaldean ez duguna eta Hegoaldean zer daukagun han eskas dutena.

Bestelako gairik aski erabiltzen dugu bidaiatan eta saio ondorengo tarteetan, baina Bergaran berriketaldiaren muina gominolak izan ziren. Pottokiak, ostadar kolorekoak, masusta gorri-beltzak... Eta jabetu nintzen urte gutxian eta natural pasatu garela okela zaharrarena edo gaztearena zen hitz egitetik litxarreriez aritzera. Mundua aldatuz doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.