andoni egana
HITZ ETZANAK

Ate joka

2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Badakizue zer zioen Winston Churchillek. Goizeko seietan etxeko atea jotzen dutenean, esne-saltzailea den ziurtasuna izatean oinarritzen dela demokrazia.

Ikasi nuen garaian eragin egin zidan esaldiak, demokraziari zegokion aldetik baino gehiago, esne-saltzaileari zegokionetik. Heriotzarekiko nire lehen esperientzian, goizean goiz gurera ate joka etorri zena esne-saltzailea izan baitzen. Nire ume-belarriek eufemismo ulergaitz bat, «nobedadeak», eta hurbileko pertsona baten izena, «aitona», harrapatu zituzten doi-doi. Orduz geroztik, niretzat esne-saltzailea demokraziaren berme baino gehiago heriotzaren berri-emaile ustekabeko izan da...

Urritu ziren etxez etxeko esne-saltzaile haiek. Orain, albistegiak ditugu esne-saltzaile, eta, goizean goiz ez ezik, eguneko edozein ordutan ere heltzen dira ate joka. Zoriaren bila, zozketa-boletoari zigilua ematera, Grosera pasiran joan, eta bizia galdu zuen errenteriarraren hilketa. Patua. Urruñan emaztea hil, eta gero bere buruaz beste egin duen gizonezkoaren kasua. «Azken orduko berria: Añorgan auto-istripu bat izan da, eta pertsona bat hilik gertatu da...». Sustoa eta kezka. Eta goizean goiz, beste esne-saltzaile bat, beste nobedade batekin. Rufino Iraola hil da. Samina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.