Irailaren 2a aspaldian neukan begiz joa. Beldurra diot irailaren 2ari. Izua. Sindrometzat ere izendatu izan nuen noizbait irailaren 2-koa. Egun hori izaten da gurean telefonoak maizen jotzen duen urteko eguna. Jendea fresko iristen da lanpostura oporren ondotik. Egun bat hartzen du lankideekin oporretako kontuak-eta partekatzeko, eta hurrengoan, irailaren 2an, deika hasten da, egungo gazteek dioten gisan erabat «motibatuta»...
Detektatu gabe neukan «uztailaren azken astea». Baina berezia izaten da zinez. Uztailaren azken astean bilerak pilatuko zaizkizu batean eta bestean. Orduantxe egin beharreko bilerak. Atzeraezinak. Mundua geratu baino lehen, oporretara joan aurretik, «itxi» beharreko kontuak behar bezala «itxita» uzteko. Nire mozoloan ez nintzen jabetu orain arte irailaren 2ko gaixotasunak uztailaren azken astean dituela sustraiak. «Hitz egin genuen uztailean...» hasiko zaizu oporretatik heldu berria.
Eskerrak aste malapartatu hau hobeki jasaten laguntzen digunik baden. ETB1, esaterako. Eskertzekoa da programatzailearen begi zolitasuna. Ohartu da Frantziako Tourrak atseden eguna duela, eta siesta ohiturarik gal ez dezagun, enegarrenez 27 ordu eskaini digu astelehen arratsaldez. Eskertzekoa da...

HITZ ETZANAK
Aste hau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu