andoni egana
HITZ ETZANAK

Hamar urte

2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gaur hamar urte, Italiako Calabrian ginen lau bertsolari. Hotel batean eman ziguten ostatu hiru gizonezkooi, eta beste aparteko batean kuadrillako emakumeari. Ez zen, ordea, hori okerrena. Gaizki-ulerturen bat izan zen, eta, inprobisatzaileen jardunaldietara gindoazelakoan, gor-mutuen biltzar batera joan ginen. Bertsoak euskaraz botatzen genituen; gutariko norbaitek gaztelerara itzuli; hark italierara, eta horrek keinu hizkuntzara. Hanka-sartzeek ere alde ona beti dutenez, eramandakoa baino sentiberatasun handiagoa ekarri genuen gor-mutuen hizkuntzarekiko.

Orain hamar urte, Italiara abiatu ginen eguneko Frantziako Tourreko etapa Mikel Astarlozak irabazi zuen; Patxi Lopezek pare bat hilabete zeramatzan Lehendakaritzan; Reala denboraldi-aurrea prestatzen ari zen… bigarren mailan jokatzeko; pintxo-poterik ez zen artean gure herrietan; Twist-ik ez zegoen Harkaitz Canoren buruan ez bazen…

Hamar urte asko dira, eta ez da ezer. Egunotako beroak eraginda, zutabe hau idazteko buruan nerabilen esamolde bat zenbateraino zabaldua dagoen miatzera sartu naiz Interneten. Toki bakarrean aurkitu dut. Ez dago nonbait oso hedatua «Ama, nik bero!». Anjel Lertxundik erabili zuen zutabeburu, noiz eta 2009eko uztailaren 26an. Hamar urte gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.