andoni egana
HITZ ETZANAK

Harridura

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Aingeru bat bitter-erdi bat hartzen; jaiotzako astoa, «Mendexa 2012» manta koadroekiko eta letra gorriminduna bizkarrean duela; telebistako kantari izarra, makurtu, eta oinetakoak lotzen; futbolari bat beste bati zoldar bat lehertzen; bere buruaz beste egin berri duen galtzerdi bat etxe atarian; esnatzean, Kilometroak 86 elastika maiztua maitalearen soinean... Gauzaren batzuk derrigor sortzen dute irria. Besterik da aberatsak negarrez sumatzen dituzunean...

Ez irri, ez erruki, bestelako zerbait sortzen du aberats negartiak. Harridura, akaso. Bekainek kopeteko ximurrak gainditu dizkidate Repsol, Sidenor eta Gestampeko arduradunak kezkaturik eta larri sumatzean. Negarti ia, esango nuke. Espainiako Gobernu berriak trantsizio ekologikorako iragarri duen egitasmoak sortu du nonbait euren izua. Kezkagarri zaie ingurugiro politikek industria politikek baino pisu handiagoa hartzea. Arriskuan ikusi dute nonbait sektorea eta laguntza eta sentiberatasuna eskatu dizkiete botere politikoei.

Ez dakit nik industriak, eta industrian ari diren langileek, zer gal-irabaz dezakeen etorkizunean. Dakidana da kexu ziren horiek behintzat ez dutela deus galduko. Ez dira aingerutxoak. Horiek, bitter-erdia ere osoa hartzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.