andoni egana
HITZ ETZANAK

Ukatuz

2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Azken urtebete honetan askotan entzun dugun hitza da: negazionistak. Aisa ulertu-uste eta nekez zehaztu daitekeen hitz horietako bat gehiago. Definizioak esango digu negazionismoa dela pertsonen joera bat errealitateari uko egiten diona, egia mingarri bati ihes egin asmoz; zientifikoki froga daitekeen errealitate bati bizkarra ematea dela. Ez dakit. Ez da hain erraza. Negazionistak ez du definizio horren baitan kokatuko bere burua…

Darwinen teoriak, holokaustoak, hiesak, klima aldaketak… bakoitzak bere negazionista taldea izan du aurrean. Zer komeni, huraxe sinetsi. Horrek eragiten du maiz negazionismoa. Arrazoi ideologikoak, erlijiosoak, kulturalak…

Eta pertsonalak. Huskeriei erreparatzeko dudan joera ezin dut erantzi. Jabetu naiz pandemia honekiko Espainian negazionisten ahots-irudi izan direnak adin-tarte jakin batekoak direla. Miguel Bosék, 64 urte. Ouka Leelek, 63. Victoria Abrilek, 61. Alaskak, 57 urte. Noizbait olatu gainean, eta azkenaldian sarriagotan uhinpean zebiltzanak. Izan daiteke berriz ur-azalera azaldu nahia. Baina uste dut sakonagoko zerbait dela. Luzitzeko zaharregi, gazteegi etsitzeko, norbere gainbeheraren errua zerbaiti egotzi behar zaio. Ahal bada zerbait larriari. Eta beti, askatasunaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.