Xapreri, gure Seneka zaldibiarrari, entzun nion behin ikustekoa zela ikasketak-lana harremana nola aldatu den denboran zehar. Gu gazteak ginela, gurasoek ikasten segi genezan estutzen omen gintuzten. Bestela, lanean txiki-txiki eginda pasatu beharko genuela bizitza osoa. Orain, gurasoek berdin-berdin estutzen omen dituzte gazteak ikasten segi dezaten. Baina argudioa omen da lehengoaren juxtu kontrakoa: «Ikas ezazue, bestela ez duzue sekula lanik lortuko eta!».
Nago ni, ikasketak eginda edo ikasketarik egin gabe, ez dugula askorik ikasi; ez garela, atzo Mikel Elorzak idatzi bezala, horren sapiens-ak. Batera ez bada bestera, beti sartzen digute ziria. Jubilazio adinari dagokionez, 75 urteren aipamena egin du Espainiako ministro batek.
Zaldibiara itzuliz, duela urte batzuk lagunarteko afari-merienda. Gaztaina-jana. Mahai jiran, bat besteak baino nabarmen jatunagoa. Bere parean sekulako gaztaina-azal tontorra. Eta halako batean hasi da eztulka, puzka, itolarrian. Estualdia pasatzean, barkamen eskea: «Barkatu... Kontrako eztarritik joan zaidak». Florentino Goiburu bertsolariak erantzun zorrotza: «Normala! Bestea bete-bete egin duk eta!». Bestea bete-bete eginda daukan askori joan zaizkio kontrako eztarritik ministroaren hitzak...

HITZ ETZANAK
Hirurogeita hamabost
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu