andoni egana
HITZ ETZANAK

Tximinotik

2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Banuen adiskide bat, adinean oso aurrera zihoana, kristautasuna barne-muinetaraino sartua zuena. Eta behin, hala esan zigun, pertsonaren sorreraz ari ginela: «Jainkoak egin zuen pertsona. Jainkoak! Ze burutan kabitzen da pertsonak tximinotik gatozela? Nik urte mordoa dauzkat, eta urte hauetan ez dut inon sumatu tximinotik pertsonarik sortzen!».

Ederra zen argudioak argudioekin, usteak argudioekin, usteak usteekin edo argudioak usteekin desegin zitezkeen garai hura. Kalean, tabernan, plazan, autobus geltokian edo zinemako sarreran eztabaidatzen genuen. Orain, eztabaida ororen fokua aldatu egin da. Hedabideetan edo sare sozialetan baino ez da eztabaidatzen. Joan den urte eta erdian, ez dut aurrez aurreko eztabaida bakar bat bizi izan negazionista bat eta ez denaren artekoa; txertoa hartzearen aldeko eta aurkako biren artekorik ere ez.

Izan daiteke gizarte heldutasunera iritsi, eta besteen iritziak hobeto eramaten ikasi dugulako. Baina ez naiz hain baikorra. Segur aski pereza da. Gabon-otorduetako paktu ez idatzia hedatu da jendartera. Ez gara elkarri xipoka hasiko, bestela honek bukaerarik ez du eta. Total! Hemen gaude. Eta zer axola du inork ezagutzen ez dugun tipo batek buztinez egin gintuen ala tximinotik gatozen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.