andoni egana
HITZ ETZANAK

Pro... zer?

2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gurera ere iritsi da, gaztelerazko janzkeraz, latinak eta ingelesak morokila egin ondoren: prokrastinatu. Eguberrietan eskuartean izan dudan Lander Garroren Faith eleberrian, esaterako, pare bat aldiz azaltzen da. Itxura batera, aditz berriak ez gintuzke ezustean harrapatu behar, euskaldunok inork baino lehenagotik baitakigu, Axularri esker, gauzak gerorako uzteak ze kalte ekar ditzakeen.

Baina prokrastinatzea —ederra erregalua erre-merreentzat!— ez da gauzak biharko uztea soilik. Da, beldurra, pereza edo ziurgabetasuna sortuko digun lan bati heldu ordez, hobeto eta errazago egingo dugun beste lan bati heltzea. Nire kasuan, adibidez, pantaila zuriaren aurrean aspaldian zorretan dudan artikulu bati ekin ordez, koinatuak Lodosatik ekarritako tomateak birrindu eta potoetan sartzen emango dut eguna. Deus egingo ez banu alfertzat joko nuke nire burua. Baina tomateena egin dut. Eta lan hori egin izanak asebete egingo du nire garuna. Artikulua biharko utziko dut...

Pertsona bakoitza desberdina da. Zenbaterainoko prokrastinatzeko joera duen norberak jakingo du. Eta kolektiboki zer? Prokrastinatze modu bat al zen duela lau-bost urte Kataluniarantz begi-belarriak hain adi jartzea? Gureari ez heltzeko modu asebetegarri bat? Ez dakit...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.