andoni egana
HITZ ETZANAK

Gorriz

2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ez dut gogoan noiz iritsi zen. Nola aurkeztu ziguten ere ez dut gogoan. Baina bat-batean han zegoen, gure artean, ikasgelan. Ez zen, segur aski, berak nahi bezain erraz integratu. Kopeta beltza jartzen genion arazoak besterik sortzen ez zizkigun arrotz hari. Irakurtzen eta idazten ikasi berriak ginen, eta zerbait genekiela uste genuenean, letra atorrante hura heldu zen gurera: h-a.

Heldu zenean bederatzi-hamar urte geneuzkan haurren tortura txikia izan zen h-a. Non behar duen eta non ez, irakurriz baino ez da ikasten, eta gure ordura arteko liburuetan ez zen h-rik. Ereduen faltan, senak edo zoriak agintzen zigun tokietan jartzen genuen, eta gure izkurriak —hala deitzen genien orduan dictado-ei— gorriz beteak itzultzen zizkiguten irakasleek. Okerragoa izan zen haurrena baino zenbait gurasorena. Sekulako saltsa sortu zen h-a erabiltzen hasi ginenean. Komunistek eragindako zerbait zela, hau eta bestea. Letra batek ez du inoiz halako eztanda politiko-ideologikorik eragin...

Garai haiek ekarri dizkit gogora, Ea, 'h'-a galdu zuen erria... izeneko kultur topaketak gaur hasiko direla jakiteak. Asteburu ederra izango da. Polita litzateke, norbaitek, gure herri honek h-a irabazi zuen sasoi haiei buruzko beste jardunaldi batzuk antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.