andoni egana
HITZ ETZANAK

Azkena

2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gurasoek berrogei bat urte dituzte. Eskolan euskaraz ere aritu ziren gutxi-gehiago. Gero, hogeitaka urterekin, euskaltegiren batean egin zuten ikasturteren bat edo bi. Ulertzen dute gehiena. Egin, gutxi. Seme-alabak izan dituztenean, ume-umetan erdaraz eta euskaraz egin diete. Baina koxkortu ahala, euskaraz gutxiago eta erdaraz gehiago apurka. Orain umeek4, 6, 8... urte dituzte, eta gehien-gehiena erdaraz entzun eta egiten dute.

Baina bada hitz bat, hitz jakin bat, erdaren erasoaldiaren aurrean euskor azaldu dena. Eta ez naiz ari, aita,ama,amona, musu eta gisa horretako zama emozional handia duten hitzez. Ez dakit zergatik, baina azkena da guraso praktikan-erdaldunek ume praktikan-erdaldunei euskaraz esaten dieten hitz bakarretakoa. Litxarkeria bat gehiago, baina «azkena»; jauzi bat gehiago salto-saltoan, baina «azkena»; ipuin bat gehiago, baina «azkena». Eta haurrak ere, argia baita haurra berez, «azkena» eskatuko die ezezkoan dauden gurasoei, hauek samurtze aldera.

Hizkuntzen arteko gerran mutilatu zuten nonbait azkenengoa hitza. Azkena geratu da. Tira...Ez dago gaizki. Ez gara txikikeriei begira jarriko. Askotan pentsatu izan dut azkena-k beste edozein hitzek baino hobeto islatzen duela euskararen egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.