Hainbat herritan dagoenekoz ospatu dituzte. Orain goaz, ordea, tokirik gehienetan inauteriak burutzen diren astean sartzera.
Ginger Rogers eta Fred Astaire bi dantzari bikain izan ziren, joan zen mendeko hirugarren hamarraldian euren ospearen gorena harrapatu zutenak. Amelia Bonetti eta Pippo Botticella bi gazte italiar ziren, Ginger eta Freden imitazio ezin hobea eginez, hamar-hamabost urtean bizimodua ateratakoak. Berrogei urte gerora estreinatu zuen Federico Fellinik Ginger und Fred filma. Bertan, Giulietta Masinak eta Marcello Mastroiannik, Amelia eta Pippo imitatzaileen papera jokatuko dute. Telebista programa berezi baterako gonbidatuko dituzte. Gazte imitatzaile arrakastatsu izandako haiek zahartuak daude ordurako. Imitazioa imitazioaren parodia bihur dadin adina zahartuak. Horixe da akaso telebistari interesatzen zaiona... Konplikatua? Bizitza bera. Guztiok dugu zatiren bat Gingerretik eta beste bat Ameliatik; Pippo gaztea gara neurri batean eta bestean Pippo zaharra; Federico Felliniren printzaren bat izan dezakegu; Mastroianni edo Masina ere bagara hein batean, eta baita telebistako aurkezlea edo ekoizlea ere. Inauteriek aukera ematen dute, azalekoa gehienetan, garenaren tipula azal horiek zuritzen hastekoa.

HITZ ETZANAK
Ginger eta Fred
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu