HITZ ETZANAK
Hiru kezkagai
Sarri egiten dituzte inkestak herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak zein diren zerrendatzeko. Etxebizitza, bizitzaren garestitzea, elkarbizitza... lehen postuetan agertzen dira gehienetan. Bizitza, beti.
Baina hain zuzen ere bizitzaren bukaera aldera, bizitza bera ezkutatu egiten da kezkagai nagusien zerrendatik. Adin Adin programa dela eta, zaharrentzako egoitzetan ibili gara joan den pare bat astean. Bi bertsolari, gaztea bata eta adinekoa bestea; gizonezkoa bata, emakumezkoa bestea. Asko ikusten da, eta asko ikasi toki horietan ibilita...
Donostiako egoitza batean, aurkezle eta gai-jartzaile lanak bertan urte mordoa daraman langile batek egin zizkigun. «Ikusten duzue gure aurrean dauzkagun gehien-gehienak emakumezkoak direla. Badakizue zein diren emakume hauen hiru kezkagai nagusiak? Kontatuko diegu zein diren? Ba dira… Ama. Poltsa. Eta aurrezki kartilla. Zer iruditzen zaizue?». Orain laurogeitaka urte dauzkaten emakumeak geneuzkan aurrez aurre. Egin genuen ahal genuena. Eta pentsakor itzuli nintzen. Zein ote dira egungo adin horretako gizonezkoen kezkagai nagusiak? Eta zein izango ote dira hogeita hamar urte barru adin hori harrapatzen duten emakumeen kezkagaiak? Oraingo berak? Bertsuak? Guztiz bestelakoak?
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.