Miren Amuriza.
BIRA

Berehalakotasuna

2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Uzten ari naiz. Badakit lagun bat baino gehiago galduko dudana, baina e-mailei, txioei, WhatsAppeko, Telegrameko mezuei segituan erantzuteari uzten ari naiz. Hasi tonto-tonto egin nintzen, mezuren bat jaso eta hogei, hamar, bost segundora erantzuten; txioak eta e-mailak ordenagailutik (etxetik), mugikorretik gainontzekoak. Ordea, ingurukoen erritmoari jarraitu ezin nionez, Twitterra eta Outlooka ere telefonoan jartzea otu zitzaidan; probatzearren, badakizue. Eta halaxe hasi nintzen, nengoen lekuan nengoela, lantzean jakinarazpen bati erantzuten (hamar minuturik behin konektatzera iritsiko nintzen nire garairik onenetan). Halaxe, egoera kontrolpean neukalakoan, harik eta gisako ohiturarik ez daukatenek (jende adinduak eta umeek) txarto begiratzen zidatela konturatu nintzen arte. Neure burua, igande arratsalde batean, amonareneko komuneko tazaren gainera igota (estaldura hartzeko) e-mail bat bidaltzen harrapatu nuen arte, egiari zor.

Harrezkero debekatuta daukat urgentziazko mezuei eta deiei ez beste guztiei segituan erantzutea (iristen zaizkidan gehienei, alegia; hain inportantea ere ez naiz-eta); neuk erantzutea eta ingurukoei berehala erantzun diezadaten eskatzea ere bai, noski... Eta hemen nabil orain, jakinarazpenei begiratzeko tentazioa sartzen zaidan bakoitzean txikleak, tripak jaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.