Babarrunak iritsi dira, eta, urtero egiten duten moduan, garestiak direla esan digute ez dakit zenbat aldiz. Egia da. Garestia da bertoko babarrunak erostea. Hamazortzi edo hogei euro inguruan dabil kiloa. Ikusten ez diren gauza asko daude babarrun ale bakarrean, ordea. Guk eskuz ereiten dugu indaba. Zuloak egin, eta launa ale bota. Sail handi bat artoarekin batera, eta beste txiki bat artorik gabe. Azken horri makilak sartu behar izaten zaizkio, gora egiteko aukera izan dezan. Jorratu egiten dugu babarrun soroa, belarrak ez dezan landarea ito, eta, batzuetan, pasada bi behar izaten ditu: bata, belarra ondo kentzeko, eta, bestea, azpiak betetzeko. Bildu ere eskuz egiten ditugu indabak. Etxera ekarri, zaku barruan makilaz jo, eta lekak banaka errepasatzen dira, alerik ez dadin ganaduaren ahora joan. Gero, mahai gainean jarri ondo lehortutako ale guztiak, eta banaka errepasatu, ustelak apartatzeko. Eta babarrunen lekuan jar ditzakezue piperrak, tomatea, lekak edo beste edozein gauza. Eta pentsatu merke erosten duzuen janaria makina handiz, eskulan merkez eta lurrari erreparatu gabe ekoitzita dagoela.
Nik ez diot inori esango zer erosi behar duen, baina jaten dugunak ere erakusten ditu gure konpromisoak eta koherentzia. Inori zer egin behar duen esan gabe; apunte txiki bat baino ez.

BIRA
Garesti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu