andoni egana
HITZ ETZANAK

Saltxitxak

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Batzuk ideien inguruan mugitzen dira, eta ideiak izaten dituzte etengabeko eztabaidagai. Besteak diruaren jiran ibiltzen dira, eta diruak xextrak bai, baina eztabaida ideologikorik nekez sortzen du. Eta hortik abiaturik esplikatu izan da zergatik ezkerreko alderdiek zatitzeko joera duten beti eta eskuinekoek errazago eusten dioten zatiketarik jasan gabe. Pentsatzea ez da nonbait beti eraginkor.

Gutxitan adinako zatiketa azaldu du Espainian eskuinak azken boladan, eta horrek ideien eztabaidaren arrazoi klasikoa bera zalantzan ipintzen du. Baina gogor ari dira zaunka. Eta gainerako alderdiek argi sumatu dute zein den estrategiarik egokiena. Bati baino gehiagori entzun diogu: «Mamua dator. Mamitu ez dadin, guri eman botoa. Inork baino hobeto geraraziko ditugu». Eta onar dezagun arrazoirik ez zaiela falta…

Kanpainan, bakoitza bere burua bista-bistan ipintzen ahalegintzen den sasoi honetan, Jorge Luis Borgesek bota zuena datorkit gogora : «Nik proposatuko nuke politikariak pertsona publiko ez izatea». Eta ez daukat ahaztua Otto Von Bismarkek esan zuen hura ere: «Legeak eta saltxitxak antzekoak dira. Ia hobe da nola egiten diren ez ikusita». Bigarren esalditik hurbilago gaude lehenengotik baino. Tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.