andoni egana
HITZ ETZANAK

Zartada

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berriketan ari ziren, taldetxora iritsi nintzenerako. Lankide batez ari zen laguna. Orain hobeto zegoela baina depresioak jota eman zituela hainbat hilabete etxean sartuta. Isilik ni. Ez nintzen nor zen galdezka hasi. Baina uste dut emakumezkotzat hartu nuela. «Depresioa» eta «etxean sartuta» entzun nituenean, generoa erantsi nion lagunaren lankide ezezagunari.

Bizikletatik erori, min hartu eta haren ondorioz izan ote zuen depresioaldia, segi zuen berriketan lagunak. Entzule soil ni. Baina uste dut emakumezko segitzen zuela lankideak nire irudimenean. Bidegorriren batean, lanera edo enkarguetara zihoala, tupustekoren bat oinezkoren batekin, baldarkeriaz pedalaz espaloiaren ertza jota... irudikatu nuen laster batean zartakoa. Lagunak hizketan segi zuen: «Vigoko triatloirako entrenatzen ari zen eta…». Ostra! Bat-batean, triatloia, hemendik urrun, entrenatzen... gizonezkoa izan ote zitekeen pasatu zitzaidan burutik.

Galdetu egin nion lagunari lankidea gizonezkoa ala emakumezkoa zen, ez haren berri zahatzik jakin nahi nuelako, nire burua hobeto ezagutze aldera baizik. Ez dizuet erantzunaren berri emango, gutxienekoa baita. Ez dakit ziur kontatu dizuedan pasartea gertatu zitzaidan ere. Gerta zitekeen ordea. Eta horrek kezkatzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.