andoni egana
HITZ ETZANAK

Haizea dator

2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
«Domatzen zaila duk haizea», bota zidan behin pertsona edadetu batek. Oso aintzat hartu nion esana. Baina joan den asteburuan haizea ere doma daitekeela ikasi dut. Arabako herri txiki batean genbiltzan. Herriko etxe nabarmenena da kondearena, markesarena edo dena delakoarena. Eraikinaren handiak eta sarrerako armarriak argi uzten dute hori. Parez pare dauka beste etxe bat, zerbitzariena edo izana. Eta etxe honek ere badu bere ezaugarria: teilatua. Txaflan eta erorrera ezohikoak ditu.

Bertakoek azaldu ziguten zergatik duen parez pare dagoen etxe hark hain teilatu berezia. Arranpala moduko bat du Gorbeialdetik datorren haize hotzak bertan gora egin eta aristokraten etxea jo ez dezan.

Zerbitzariak babesle, haizea ere doma daiteke dirua eta boterea izanez gero. Eta horrela ohitu den jende klase horrek ez du etsiko. Lastimagarri iruditzen zaie Irene Montero orain ministra izatea lehen supermerkatu bateko kutxazain izan zelarik. Ezkutatzeko moduko zerbait iruditzen zaie. Ate kantoira azaldu zena kondea, markesa edo dena delakoa izan zen. Urrutira egin zigun diosala. Soinean futbol-elastiko hori-beltz bat zeraman. (Peñarol? Barakaldo? Amaikak-bat?) Koadro surrealistagorik! Dirudienez ez du haize guztiei ihes egiterik lortu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.