andoni egana
HITZ ETZANAK

Munduak

2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oinez abiatzea erabaki zuten etsi-etsian. Bazekiten hiru mila kilometrotik gora egin beharko zituztela, baina etxera itzuli nahi zuten. Peruko hiriburua itxi zutenean, bizibidea ateratzeko modurik gabe sentitu ziren, eta etxera, Venezuelara, itzultzea zen irtenbide bakarra.

Hamabi lagun elkartu ziren. Limakoak baino abegitsuagoak ziren landa eremuko perutarren laguntzari esker egin ahal izan zuten aurrera. Ilunabar batean, taldeko ahulenak hondoa jo zuen oinetako baben ondorioz. Gainerako hamaikek bakarrik ez uztea erabaki zuten. Errepide ertzean etzan ziren gaua pasatzera. Goizaldera burrunba batek esnatu zituen arte. Zisterna kamioi bat gainetik pasatu zitzaien. Zoriak erabaki zuen ilarako lehen hirurak izatea hildakoak; hurrengo zortziak zaurituak; osorik, bakarra. Pasartea kontatu duen venezuelarrari hanka bat txikitu zion kamioiak. Bikotekidearengandik bakandu eta zauritu larri batekin sartu zuten anbulantzian. Bidean hil zen kidea...

Egun berean iritsi zen Ukrainako hiriburura bikote suediar bat, alokairuko sabel baten bidez beraiena zuten haurraren bila. Suediako telebista batean azaldu ziren drama kontatuz. Aberats errukior batek bere hegazkin pribatua utzi zien Kievera joan zitezen... Bi mundu, birus batek bistaratuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.