andoni egana
HITZ ETZANAK

Garbitzaileak

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan zen igandean egunkari honek Javier Hurtadori, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburuari, Imanol Magro Eizmendik egindako elkarrizketa zekarren. Nire begiek huskeriara jotzeko ohitura bihurria dute, eta hainbat kontu interesgarriren artean, kelly hitza apartatu zuten sailetik. Hoteletako logelen garbitzaileak dira kelly-ak.

Askotan, fonema bakar batek mundua hobeto azaltzen du jario luze batek baino. K. Etxekoa oso, guretzat. Baina gazteleraz zama ideologiko handia hartzen duena. XX. mendearen hasieran, espainiar tradizionalentzat k demonioa baino okerragoa zen. Sabino Arana zekarkien gogora batetik. Alemaniar kultura bestetik. Ez zuten ikusi ere egin nahi. Mendearen bukaera aldera, berriz, k fonemak erabateko zentzu kontestatarioa hartu zuen. El Kojo Manteka egin zen ospetsu; Mili kaka irakurtzen genuen gazteleraz; Movimiento okupa; Rayo Vallekano eta Bukaneros...

Ingeles tankera hartzen zaio kelly-ri. Baina gaztelerazko kalanbur bat da izatez. Las que limpian-etik dator nonbait queli hori. Eta k-z idazten dute, jakina. Xabier Lete gogora ekarriz, «maKurKa ta poliKi, arrastaKa bidean, bizKarrezurra oKer, zerbitzuKo lanean» ari denari ez baitzaio borroKa beste biderik geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.