andoni egana
HITZ ETZANAK

Kakalarri

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Adiskide batek egin zidan proposamena, eta ez nuen asmatu ezetz esaten. Hitzaldi bat, EHUren Elbira Zipitria eraikinean, Aulas de la experiencia-Esperientziaren gelak izeneko kurtso baten baitan. Gaia: euskal kultura. «Hori bai: gazteleraz izan beharko dik. Denek ez zekitek euskaraz».

Ohikoa baino gehiago kosta zitzaidan hitzaldia prestatzea. Euskaraz etorri egiten zaidana, gazteleraz ekarri egin behar izaten dut. Joan nintzen. Gogo onez joan ere. 60-90 urte bitarteko hogeita hamarren bat ikasle, jakin-mina akuilu. Nahiz hitzaldia gazteleraz eman, neure burua euskaraz aurkezteko premia sentitu nuen. Minutu erdi bat gehienez. Ekin nion: «Andoni Egaña naiz, zarauztarra. Hirurogei urte ditut. Bertsotatik atera izan dut bizimod...». Bederatzi segundo pasatzerako, gizonezko batek eskua altxa zuen. Ez zekiela banekien, baina han bazirela euskaraz ez zekitenak, eten zidan jarduna, gazteleraz.

Ez nintzen gogotxartu. Baina ematen du zer pentsatua. Duda egiten dut neure buruaren aurkezpena ingelesez hasi izan banu etengo ninduen. Pazientziaz jokatuko zuen eta tipo jantzitzat hartuko nindukeen segur aski. Baina euskarak, beste hainbat gauzaren artean, hori ere sortzen du nonbait ez dakitenengan: kakalarria, ezinegona...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.