andoni egana
HITZ ETZANAK

Potea

2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Atzo, egunkari honen lehen orriko berri nagusia honakoa zen: Jaurlaritzak hezkuntzan lanpostuak egonkortzea adostu du sindikatuekin. Niri, begiek, albistea ilustratzeko zetorren irudira egin zidaten ihes. Liburu ireki baten ondoan, han zegoen. Han zegoen nire betiko nahia. Pote bat, punta zorrozturiko arkatzez, koloretako margoz, boligrafoz eta lumaz betea. Alde batera etzanak batzuk; bestera grazia handiz amilduak besteak.

Betidanik nahi izan dut eskueran horrelako pote bete bat. Esango didazue ez dela hain gutizia eskuragaitza. Oparitu izan didate tarteka. Neure buruari oparitu izan diot inoiz. Eta harro egon izan naiz lan-mahaiko pote hornituari begira. Baina ametsak bete ahala hustu egiten dira, definizioz. Eta ez dut sekula lortu pote betea egonkortzerik. Zeuk eramango zenuen boligrafo bat telefonoa dagoen lekura eta beste bat, badaezpada, txamarran sartuko; beste norbaitek hartuko zituen lapitz bi auskalo zertarako; luma bat paper tartean galduko zen ia betirako... Etxea den oihanean galduko ziren gehienak, potea ia mortu utziz. Gurean hala bada, zuenean ere...

Politika akordioekin, lapitz-poteekin gertatzen dena gertatzen da. Ederrak lirateke beti ongi beteak. Baina sarri, betetzen hasi aurretik ere husten hasten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.