andoni egana
HITZ ETZANAK

Ehuneko bia

2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Bazen gure herrian enpresari bat, baserritar jatorrikoa, negozio bat jarri eta arrakasta handia izan zuena. Harrituegin ziren ingurukoak, gizon hark ez baitzuen ikasketarik ez formakuntza berezirik. Galdetu egin zioten behin ea halako arrakasta nola arraio lortu zuen. «Den-denari ehuneko bia erantsita». Are gehiago harritu ziren adiskideak erantzunarekin. «Ehuneko bia?». «Bai, jauna! Ehun balio duenarengatik berrehun kobratuta!».

Ez da baserritik bizi direnen kasua. Lehen ere ez zebiltzan erraz, eta ekoizpen kostuen garestitzeak kinka larrian ipini ditu, produktuen —esneak batik bat— prezioak ez baitu neurri berean gora egin. Beraientzat ez behintzat. Esanguratsuak iruditu zaizkit Xabier Iraola, Enbako koordinatzailearen hitzak: «Errentagarritasuna katebegi denek lortzen dute; lehenengoentzat, baina, ez dago. Atzean da beti abeltzaina». Ekoizlearengandik kontsumitzailearengana, katebegi asko. Bitartekari gehiegi. Eta katebegi bat ahulen. Premiazkoena.

Ekonomiari buruzko teoria handiek hau nola azaltzen duten ez dakit. Ibrahima Baldek, Miña-n-en, komertziora dedikatzeko bihotz txikikoa izan beharra dagoela kontatu zigun, hori ez dela arazo bat, dohaina dela, baina ez guztiok dugun bertutea. Akaso, apurka ikasi egiten dela hori ere…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.