Euskal Herritar askok du bigarren etxea. Eta hegoaldeko askok, hegoaldera. Lanean ari denak oporraldietan baliatzen du nagusiki bigarren etxe hori, baina erretiroa hartu ostean hemen hilabete batzuk eta bigarren etxean beste batzuk ematen dituztenak ez dira gutxi. Badakizue: hezetasunak hezurrak ahuldu eta mindu egiten ditu, eta eguraldi lehorragoak on egiten dio gorputzari.
Ez lirudike guri eragingo digunik azken egunotako albisteak. Lehen Madrilen egin zuten bezala, Andaluzian ere ondasunen gaineko zerga kendu egin dute. Argi dago erabaki horrek ahaltsuenak babesten dituela. Ez dirudi, ez, ebazpenak —ebaspena ere ez legoke oker kasu honetan— guri eragingo digunik. Baina akaso bai. Zergarik eza edozeinentzat da tentagarri, tamalez. Eta bigarren etxea han daukanak pentsa dezake, total, erretiroa hartu genuenetik hilabeteak egiten ditugu hemen. Ia bertakotu gara. Paper batzuk betetzea baino ez da izango eta ongi irtengo zaigu ekonomikoki.
Lehenez gainera, penintsularen hegoaldea beteko dugu ikurrinaz, txakolinez, lauburuz, Athleticen eta Realaren banderaz. Eta edozein moila ertzetan, «isil-isilik dago kaia barrenian...» entzungo da ordu txikietan. Gu euskaldunak garelako. Oso euskaldunak. Nahiz beste toki batean erroldatzeko hautua egin.

HITZ ETZANAK
Hango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu