andoni egana
HITZ ETZANAK

Absentismoa

2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Urtean bi-hiru aldiz azaltzen dira Espainiari dagozkion datuak eta Euskadi beti buruan azaltzen da, eta Nafarroa urruti ez burutik. Lan-absentismoaz ari naiz...

«Lanari beldurrik ez izan», «datorrenari heldu» eta gisa horretako esaldien gidapean hezi izan gaituzte. Ikuspegi horri eusten dionarentzat datuak mingarri gerta daitezke. Inor baino belaxkagoak gara; aitzakiak asmatzen ez da gu baino hoberik; gutiziatsu bihurtu gara; edozeri deitzen diogu ondoez, eta ondoeza mintzat jotzen dugu segituan. Tokitan geratu da euskaldunaren langile fin, zintzo eta leialaren sona! Lotsagorritu egingo da zenbait datuen berri izatean. Eta zenbaitek nazio urguilua izango du defentsarako argudio bakar. Eguraldia ez da berdina han eta hemen. Hegoaldean hemen adina euri eta elur egingo balu, arimarik ere ez litzateke lanera joango.

Beste zenbaitek datuen oso bestelako irakurketa egingo du. Industrian, eraikuntzan eta ostalaritzan izaten da lan-absentismorik handiena. Zerbaitengatik. Guk gehiagotan huts egiten dugu lantokira, hemengo lan-hitzarmenak taxuzkoak direlako. Edo taxu handiagokoak, behintzat. Halako babesik ez dutenek derrigor joan beharra daukate beharrera. Badakite bi eztulaldi aski direla kalera ditzaten.

Ez dakit nori egin jaramon...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.