Albistea entzun

BIRA

Utzi

Onintza Enbeita -

2023ko martxoak 10

Inoiz harrapatu dut neure burua oholtzetatik betirako ihes egiteko estrategiak asmatzen. Ez zait niri bakarrik gertatu. Nire aldean bertsolari onak direla iruditzen zaidan emakume askok izan dute dena uzteko gogoa. «Hobeto herri kiroletan hasi banintz», idatzi zidan behin egungo bertsolaririk onenetakoa den batek. «Herri kiroletan?», pentsatu nuen neurekiko. Diziplina horiei ezer kendu gabe, baina bertsolaritza ez dago hori esan zuen emakumea galtzeko moduko lekuan. Ezin diogu elkarri ihes egiten utzi elkarren beharra hain nabarmena denean. Gauza asko utzi ditut bizitzan, eta haietako asko uzteaz ez naiz damutzen. Ez dut haien faltarik ez beharrik igartzen. Ondo nago nagoen moduan, eta hobeto egon baninteke ez da telebistan ez naizelako agertzen, adibidez. Bertsolaritza uzteak min handiegia ematen dit, ordea. Martxoko agenda inposible honek daukan gauzarik ederrena da emakumez inguratuta kantatzen ari naizela ia egunero, eta bertsoaren ederrena ukituta bueltatzen naiz etxera. Orduan neure buruari esaten diot ez dudala utzi nahi. Kontua da, zapaltzen zaituztenean, desagertzeko gogoa sartzen zaizula, baina indarkeria gehiegi jasan duen lagun bati esaten diodan moduan: desagertu daitezela min hau egin digutenak. Gu, hemen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...