Auto-gidari noala zein pasieran nabilela, maiz erreparatzen diot oinezkoek zebra-bideak igarotzeko duten moduari. Badira metro gutxi horiek nekez eta mantso igarotzen dituzten adinekoak; sakelakoari begirik kendu gabe igarotzen dituztenak ere bai; lasterka egiten dute batetik besterakoa ume gehienek.
Salbuespentzat hartzen ditut horrelakoak. Nire behaketa xumeari ez zaizkio interesatzen. Gainerakoek pizten didate interesa. Horien artean, badira autoa zain dagoen bitartean zebra-bidea lehengo pausajean igarotzen dutenak; badira zain dagoen autoarekiko begirunez pausoa bizkortzen dutenak; eta badira beste batzuk, gutxi, baina badira, pausajea propio moteltzen dutenak. Ez zait iruditzen txarkeria hutsarengatik denik, dagokit modu bihurrian ulertzeagatik baizik. «Niri dagokit; zaudela zain!»,sumatzen da zenbaiten ibilera mantsotuan...
Espainiako Gobernuaren osatze prozesuak jendearen zebra-bideak igarotzeko modua ekarri dit gogora. «Niri dagokit» sinetsita ari dira guztiak. Feijoo, botorik gehien atera zuelako; Sanchez, espero baino emaitza hobeak lortu zituelako; Puigdemont, bere boto mordoaren zilegitasunetik; Urkullu...Badagokie, eta zain egon beharko dugu. Laster entzungo ditugu herritarren bozina-hots pipertuak.

HITZ ETZANAK
Zebra-bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu