Onintza Enbeita.
BIRA

Egiazko fikzioa

2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bertsolari batzuek abilak dira fikzioa egiten, eta beste batzuk ez. Horrek ez du esan nahi beti egia zehatzak kantatzen ditugunik, baina pentsatzeko dugun denbora mugatu horrek errealitatea eta fikzioa nahas ditzake. Esate baterako, nire bizitzan konstante bat izan da ni baino azkarragoak direla pentsatu duten gizonek titietara begiratu didatela hitz egitean. Kazetari lanetan emandako urteetan ere gertatu zitzaidan, jakina. Ezer ez baneki bezala hitz egin didate izena gogoratzen ez dudan zenbait elkarrizketatuk, baina baita gure herrian totemak izan diren beste zenbaitek ere. Euskaldunon Egunkaria-n egin nintzen kazetari, eta garai hori gordeta daukat nire bizitzako armairuan, kazetaritzaren kaxoian; gaizki sentitu izan naizen elkarrizketa horiekin batera.

Amurrioko finalaurrekoan, ganbarako gaia entzun nuenean, kaxoi hori zabaldu nuen. Gerora pentsatu dut, ordea, fikzioa izateko erreferentzia errealegiak zirela, eta ez nuke Egunkaria-n zein BERRIAn izan ditudan lankideen gainean halako harririk jarri nahi. Hori ere txapelketaren parte da. Dena den, lasaitasuna ematen dit, inoiz benetan gertatu izan balitz, lankideen babesa izango nukeela jakiteak. Beste arrazoi batzuengatik behar izan dudanean izan dudalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.