andoni egana
HITZ ETZANAK

Nador

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Badira leku-izen batzuk oso tarteka baino entzuten ez ditugunak. Nador da horietako bat. Rif inguruetako hiriaren izena ez dugu egunero entzungo. Baina entzuten dugunean ez gaitu axolagabe utziko.

Bertso-paperen bidez hedatu zen Nadorren izena 1922an Euskal Herrian. Afrikako gerrari buruz jarri zuen sorta bat Paulo Iantzi bertsolari lesakarrak, eta, ezkutuka bazen ere, zabaldu ahal izan zituen paper haiek. Gure usadioan nekez aurkituko dugu gerraren lakartasuna hain ongi irudikatzen duen pasarterik: «Arruit, Zeluan ta Nadorrak, hango odol galtze gogorrak, gorriturik daude lurrak. Hango kontuak aditu eta bat hartutzen du beldurrak, ez dira noski gezurrak, hegaztiak ta txakurrak, txupatuz hilen hezurrak».

2022an, ordukotik mende betera, berriz azaldu zaigu Nador. Bideo-irudiek hartu dute bertso-paperen hedatze lanen lekukoa. Ez dugu hegaztirik eta txakurrik ikusi hilen hezurrak txupatuz. Baina bai lur odolez gorrituak. Eta hogeitaka lagunen gorpuak lurperatzeko presaka egiten ari diren hobia ere ikusi dugu. Lehen Paulo Iantzi bertso-paperak ezkutuka banatzen ibili bazen, orain Marokoko agintariak dira gorpuak ezkutuka —ez autopsia eta ez froga— estali nahi dituztenak. Beldur naiz 2122an Nador entzutean munduak berriz ere dardara egingo duen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.