andoni egana
HITZ ETZANAK

Irulegikoak

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irulegikoak, ardoa eta petzeroak ezagutzen nituen nik. Orain, Pirinioen bestaldera, eskua azaldu da. Ardoarenak ez du azalpenik behar. Petzeroak, Irulegi irratiko langileek modu distiratsuan burutzen zituzten inozentadak ziren. Bat baino gehiago jausi ginen irrati esatariek hain egoki atontzen zuten tranpan. Niri behintzat, eta badakit gehiagori ere baietz, bapo sartu zidaten ziria.

Ardoak, bestelako erreakzio batzuen artean, iragan-minera garamatza sarri. Edandakoan etortzen zaizkigu gogora aukera galdu hura, eman gabeko musuak, esan gabeko hitzak, umetako usainak eta gaztaroko kantuak. Eta hau, ardo urtea dugu. Elkano, Amaiur, eta orain, Irulegiko eskua. Balirudike iragana gogoratzen, berrasmatzen edo eztabaidatzen erosoago sentitzen garela etorkizuna asmatzen baino. Etorkizuna salba ez dezakegunez, salba dezagun iragana. (Esaldiaren bertsio gaiztoagoa litzateke salba-ren ordez alda jarrita).

Irulegiko petzeroak eta Irulegiko eskua lotzea ere ez da harrigarri. Iruña-Veleiakoak, haizeak nondik jotzen zuen ez genekiela utzi gintuen asko eta asko. Inozentada hutsa izan zela iritziko dio zenbaitek; ezezkoan ere asko egongo da. Aditu batzuek diote hau oso aurkikuntza bakana dela. Badirudi esan beharko, badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.