andoni egana
HITZ ETZANAK

Istripua

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Lanpostutik kaleratutako 11.000 lagun izugarri da. Baina Silicon Valley urrun geratzen zaigu. Elon Muskek enpresa erosi berriko langileei zuzendu dizkien hitzek ia oka hasteko gogoa sortzen dute. Konpromisoa eskatzen die, erabateko dedikazioa, intentsitate handian ordu asko sartzeko gaitasuna. Gero eta lehiakorragoa den mundu batean bizi garenez, ezinbestekoa omen da hori. Bestela... ostikada eta kale gorria.

Min ordea, min, 11.000 urrunekok baino handiagoa ematen du gertuko bakarrak. Konpromisoa, dedikazioa, intentsitate handian ordu asko, lan-baldintzak auskalo nolakoak... eta istripua. Barañaingo langile bat hil da Doneztebe inguruan errepidean lanean ari zela. LAB sindikatuak salatu duenez, gorpua bertan zela, lanean segi omen zuten handik 100 metrora. Lankideek txoko batera alde egin eta negar egiteko aukerarik ez; etxera deitu eta «ni ondo nago. Berehalaxe naiz hor» esateko modurik ez; bat-batean asanblada bat antolatzeko erarik ez...

Konpromisoa, dedikazioa, intentsitatea, erlojuak baino ordu gehiago sartzea eta abarrak oso ongi daude norbere buruari ezarritakoak direnean. Baina norbere buruari bakarrik. Besteri hori eskatu behar badiozu, oso azkarra ez zaren seinale. Edo bai. Oso-oso azkarra zara. Baina azkarra bakarrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.