Sumatzen dituzu argentinarrak, oihuka, kantuan, biraoka, Jainkoari eskerrak emanez edo bizitza madarikatuz, pantaila bati so, taldean, Argentinan bertan edo munduko edozein hiritan bilduta; gauza bera brasildarrekin; edo australiarrekin, nahiz hauen sua ez den hain su. Galestarrak ere sumatu dituzu Munduko Futbol Txapelketa dela eta euren nortasunaren erakustaldiak eskainiz. Horrelakoetan, pentsamenduak etorkizunera egiten dizu ihes. Gure selekziorik bagenu, benetakoa, ofiziala alegia, guk ere asmatuko genuke horrela biltzen, poztu edo mintzen? Asmatu nahi izango genuke? Hunkituko ginateke ereserkia entzutean? Ereserkia egungo erkidegoko gatz handirik gabeko hori izango litzateke ala beste bat, berria? Elastiko berdearekin irtengo ginateke kalera, ikurrinak eskuetan? Ikusiko dute horrelakorik gure begiek?
Ez dakit. Orain-oraingoz ezetz esango nuke. Tentsio falta handia sumatzen dut denean. Ezerk axola handirik ez baligu bezala gabiltza. Tentsioa ez da luzaroan jasangarri; baina eza antzua da. Eta ez naiz futbolaz edo kirolaz soilik ari. Gure garun-mihietan ere sumatzen da tentsio falta hori. Euskara bihurtu da askorentzat beste hizkuntza bat gehiago. Eta hor ez dugu elastikoa jokatzen; hor gure larruazalari ari gara atzamarka.

HITZ ETZANAK
Elastikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu