andoni egana
HITZ ETZANAK

Baserria

2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen ere maiz aipatu izan naute, baina azken boladakoak eragin dit gainezka egite hau. Hogeita lau orduren buruan bost-sei tokitan eta beste hainbeste ahotan entzun dut nire izena. Eta gehitxo iruditu zait nire errealdia adierazi gabe pasatzen uzteko.

Ez naute txarrerako aipatzen. Egia da hori ere. Izendatu soilik egiten naute gehienetan, hemen nagoela edo han nagoela. Eta epaitzen nautenean, onerako epaitzen naute. Askoren desio naizela jabetzen naiz, aitorpena harrokeria handia ez bada. Askotan aipatzen naute, beraz, ez txarrerako baina bai ondo leku desegokian!

Baserria da nire izena. Hiri eremutik aparte gauden eraikinoi hala deitzen digute. Banituen garai batean izter-lehengusu batzuk kale-baserri deiturikoak, denborarekin galtzen-galtzen joan direnak. Eta badira, orain, nire izenean dabiltzan mendiinguruko bestelako eraikinak ere, txalet eta gainerako. Baina hori da gutxienekoa. Ni mintzen nauena da, erdaldunek ahotan zeinen erraz hartzen nauten sumatzea. «El baserri», «para el baserri», «en el baserri de Inés»... ez dut besterik entzuten. Eta ezin dut eraman. Erabil ditzatela eurenhitzak, ni, xalao hutsa naizela eta, zuriketarako erabili gabe. Ez dut adoptatua izan nahi. Badut nire familia, euskararena, eta, zorionez, aski osasuntsu dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.