Miren Amuriza.
BIRA

Abokatua

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Gure Ziharak 6 urte eta Olaf izeneko lagun imajinario bat ditu (Frozen filmeko elur-panpinaren izenkidea). Maiz nahasten ditu errealitatea eta fantasia, jolas sinbolikoetan diharduenean batez ere: lehengo batean, kotxea (ezkaratzeko aulki bat) konpontzen aritu zen Martera zihoala-eta. Bere hitz kuttuna (edo, behintzat, gehien errepikatzen duena) zergatik da.

Aldiz, itsasoaz bestaldera, galdetzaileak barik galdekatuak izaten ari ei dira umeak: oinak jesarlekutik lurrera iristen ez zaizkiela eserarazten dituzte epaileen aurrean AEBetara sartu berritan gurasoengandik bereizitako adin txikiko immigranteak. «Ba al daukazu abokaturik?», galdetu ei zion magistratu batek mutiko bati. Eta mutikoak sorbaldak altxatu. «Ba al dakizu abokatu bat zer den?». Eta mutikoak ezezkoa buruarekin.

Trump agintean dagoenez geroztik, nabarmen hazi ei da deportazio prozesuetan epaitegietara ezelako babes juridikorik gabe iristen den ume kopurua: abokaturik barik bertaratzen diren hamarretik bederatzi kanporatu egiten ei dituzte; abokatuarekin joaten direnen artean, erdiak baino gehiagok lortzen du geratzea. Eta gure Ziharari hau guztia kontatuko bagenio, bere hitz kuttunarekin erantzungo liguke, seguru. Jolas sinbolikotzat hartuko luke, beharbada, eta «abokatua edo hori» zer den galdetuko baligu, bere lagun ikusezinaren antzeko zerbait dela erantzun beharko genioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.