Onintza Enbeita
BIRA

Txostena

2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txosten batek azaldu duenez, ez zen ikerketa judizial eraginkorrik egin Pasaiako sarraskiaren gainean. Hogeita hemeretzi urte pasatu dira Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura itsasbazterrean hil zituztenetik. Gutxi, maite izan zituztenen oroimenetik ezabatzeko, eta asko, egin zietena ikertzeko. Egia da txostenak ez duela esan ezer berririk. Poliziak enboskada batean akribilatu zituen militanteak, eta inork ez du sekula egindakoaren ardurarik onartu. Ez dakit ia lau hamarkada luze hauetan inor egongo zen Euskal Herrian kasua ondo ikertu zela pentsatu duenik. Egon izan bada behintzat, haren zirkunstantziak dira ikertu behar direnak.

Izan ere, hemen ETAren izenean, independentziaren kontra, komunismoa ezabatzeko... gauza izugarriak egin ditu Poliziak. Eta Polizia esaten dugunean, pentsatu ezin duguna da uniformatuei zerutik iristen zaizkiela aginduak. Poliziak Euskal Herrian egin duen guztia egin du norbaitek hala egin dezaten onartu duelako kasu batzuetan, eta hala agindu duelako besteetan. Beraz, logikak esaten digu edozein estatutako botere faktikoek ez dutela egundo bere burua ikertuko. Hala ere, poza ematen du zapalduok pentsatzen duguna baieztatzen duen txosten bat izateak. Besterik ez bada ere, arrazoia dugula sinisten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.