andoni egana
HITZ ETZANAK

Zakarra

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gero eta jende gehiagori entzuten diot zakarra hitza diruaren sinonimotzat. «Zakar mordo bat hartu patrikan eta oporretara abiatu ginen». Ez dakit lehendik datorren joera den edo nire belarriek orain detektatu duten. Atentzioa eman dit, nolanahi ere. Badakit euskaldunok ez dugula diru kontuez amerikarrek bezain erraz hitz egiten; badakit eufemismoetarako lur ezin egokiagoa dela tabuena; jabetzen naiz diru-dirua eta diru birtuala bereizi beharrean gaudela orain, eta cash-en parekoren bat behar dugula euskaraz ere.

Iruditzen zait, ordea, ezaxola irudi neurtu bat eman nahi duela diruari «zakar» deitzen dionak, sosek inporta ez baliote bezala azaldu nahi duela, segur aski errealitatea guztiz kontrakoa denean. Edo zakar deitua zakar lortua da...

Bestalde, zakarra hain gauza arrunta izateko helduleku oparoa dela onartu beharko da. Behin, ttanttaren batzuen eraginpean, bertsolari xelebre edadetu bati adarra jo nahian ari gintzaizkiola, ezkondu aurretik sexu-harremanik izaten zuen galdetu genion. Baietz erantzun zigun, aritzen zirela, ta-ta-ta-ta. Baina kontuz. Kontu handiz. Andregaiak esaten omen zion: «Fermin, zakarrak kanpora, zakarrak kanpora!». Eta horrela ikasi genuen euskaraz «marcha atrás» nola esaten zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.