andoni egana
HITZ ETZANAK

Pixa

2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Sartu zara zure nagusiaren langelara. Ipini zara bere mahaiaren aurrean. Esaten dizunari ez diozu batere jaramonik egiten. Bera ahalegintzen da aginduak ematen, baina zuk sudurraren puntan jarritakoa egiten duzu. Azkenean, larriak zaudelako, pixa zarrastada bat botako duzu mahairen aurreko alfonbran. Eta nagusia madarikazioka altxatuko da, baina makurtu eta berak garbituko ditu pazientzia handiz zure narraskeriak, zuk bizkarra eman eta alde egiten duzun bitartean. Zorte handia da maskota izatea...». Horrelatsu hasten zen duela urte batzuk arrakasta izan zuen bakarrizketa bat.

Orduz geroztik etxe-abereren baten jabe izateko joera muturreratu egin da, eta onartu beharra daukat —niri buruan kabitu ez arren, hainbeste jendek ezin du oker ibili eta nik zuzen— oso humanoa dela animalia bat aldean izatea.

Aldekoak, auzokoak, nireak, gureak... hainbesteko garrantzia hartu duten garaiotan paradoxa handiak gertatzen dira, ordea. Etxe-abereentzako elikagaien Estatu osoko enpresarik garrantzitsuena Azpeitian omen dago. Inbertsio-funts batek erosi berri du. Aldekoa hornitzeko urrutikoa. Arriskua aurreikus daiteke. Jakinekoa baita zer egiten duten horrelako funtsek: larritzen direnean pixa egin, jiratu eta alde. Eta norberak makurtu behar garbitzera...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.