andoni egana
HITZ ETZANAK

Isunak

2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Scrupulus hitzak hartxintxarra adierazten du. Oin-zolaren eta oinetakoaren artean ustekabean sartzen zaigun hartxintxar hori, askotan kentzeko alferrez bertan uzten duguna baina kendu arteko onik ematen ez diguna gehienetan. Berea lortzeko txikikerietan erreparatzen ez duenarengatik esaten dugu eskrupulurik ez duela, kontzientziako zimikorik ere sentitzen ez duen bihotz gabearengatik.

Berripaper honek Everestek bisitariz gainezka egin duela eta Nepalgo Gobernuak iragarritako neurrien inguruko erreportajea argitaratu zuen atzo. Paraje haietan pilatzen den zaborraren arazoari aurre egiteko lehen ere isunak jartzen hasiak zeuden. Edurne Pasabanek hala zioen, ordea: «Kontua da horrenbeste diru mugitzen den espedizioetan isun horiek prezioaren barruan sartzen dituztela».

Zenbaitek ez du inoiz hankapean hartxintxarrik sentitzen. Negozioaren errentagarritasunari soilik begiratuta, legea bete baino isunak ordaindu nahiago duenik bada. Eta ez mendian bakarrik. Handiak izaten dira horrelakoak, oso handiak, sakelan zulo txiki bat izatea axola ez zaien horietakoak. Legea omen da lurrak baino lehen berdin gaitzakeena. Ba nik lege bereziak egingo nituzke legea bete baino isuna ordaindu nahiago duten horientzat...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.