andoni egana
HITZ ETZANAK

Zer?

2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Zer sentituko du Billy el Niño polizia torturatzaileak bizitzari koska handi bat kendu dion honetan? Harro egongo da egin duen ibilbideaz? Kosta egiten zait baietz sinestea. Guztiok ditugu gorabeherak eta argi-itzalak, baina bere izena tekleatu eta Wikipedian ere, orria joan eta orria etorri, txarkeria baino azaltzen ez denean, eman behar lioke zer pentsatua. Akaso porrot edo damu sentimendua eskatze hutsa gehiegi da zenbaitentzat.Zer sentituko du Donostian auskalo zenbat eraikinen jabe egin berri den funts bateko izenik ere gabeko bazkideak? Etxebizitzen edo alokairuen salneurria erabat puztu, gazteen sakelak zeharo hustu, eta zoriontsu sentitzen da diru artean igeri? Lanak ematen dizkit sinesteak.

Zer sentituko du kirol-taldeen maskoten barruan doan pertsonak, bere adin-jirako kirolari garaiz aurretik aberastuen ondoan pozaren pozaz saltoka ekiten dionean? Etxera itzultzean ez du jendarte hau madarikatzen? Ez da nazkatzen barruko itolarritik kanpora alaitasuna azaldu beharraz? Baietz esango nuke...

Zein etorkizun du Gotzon, Caballo eta Luisito bai, eta Angel Olaran edo Pedro Migel Etxenike ezagutzen ez dituen jendarte honek? Zergatik ez digu inork azaldu DAZN ahoskatzean bigarren bokala «O» dela eta ez beste edozein?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.