andoni egana
HITZ ETZANAK

Zirrikituak

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

«Hau munduko ekonomia gidatzen duten gutxi horien inbentua da». «Auskalo zer dagoen honen atzean ere». «Eurek nahi dutenean sortu da eta komeni zaienean desagertuko». «Ez dugu inoiz jakingo benetan zer gertatu den». «Zerbait izango da baina ez horrenbesterako»... Koronabirusa dela-eta guztiok entzun ditugun esaldiak. Topikoak. Leku batzuk, non guztiok, edo gehien-gehienok, topo egiten dugun.

Berriek informazioa galarazten duten jendarte honetan, erraza da galdua sentitzen. Birus berriaren aurrean bi joera nagusitu dira, ordea. Osasun agintarien aholkuak txorrotx bete dituztenak dira batzuk, eskuak lehen baino maizago garbitzen dituztenak, eztul egiteko ere beldurrak dabiltzanak, inori bostekorik luzatzen ez diotenak. Beste muturrean, tabernako barra izkinak eta sare sozialak txistez eta memez bete dituztenak.

Baina txistea txiste soil da. Umoreak bestelako maila bat du. Batik bat umore beltzak. Egoerarik gorrienean ere etsipen/esperantza binomioa hankaz gora jartzeko gai da. Badakizue zer esan zien borreroei gas-kamera batean itotzera zihoan errukarri hark? «Itxi ongi, mesedez, ate guztiak. Ez utzi zirrikiturik. Haize korronteren batek harrapatzen banau segituan gaixotzen naiz. Ez nuke biharko eguna doministikuka pasatu nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.